Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zer aurresan zuen Bibliak lurrikara handiei buruz?

Zer aurresan zuen Bibliak lurrikara handiei buruz?

 Urtero milaka lurrikara gertatzen dira. Batzuk txikiak dira, baina beste batzuek hondamendi handiak, sufrimendua eta heriotza eragiten dituzte. Batzuetan, lurrikarek kostaldea suntsitzen duten tsunamiak sortzen dituzte, bertan bizi direnen heriotza eraginez. Aurresan al zuen Bibliak lurrikara handi hauek gertatuko zirela?

Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:

 Aurresan al zuen Bibliak lurrikarak gertatuko zirela?

 Jesusek lurrikarak egongo zirela aurresan zuen. Bere hitzak Bibliako hiru liburutan agertzen dira:

 «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen» (Mateo 24:7).

 «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira» (Markos 13:8).

 «Lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen» (Lukas 21:11).

 Jesusek «lurrikara handiak […] han eta hemen» gertatuko zirela esan zuenean, garai berean gerrak, goseteak eta izurriteak egongo zirela ere aurresan zuen. Gauza hauek guztiak batera gertatzean, argi geratuko zen «munduaren bukaera[n]» edo «azken egunetan» biziko ginela (Mateo 24:3, Biblia, José Antonio Uriarte; 2 Timoteori 3:1). Biblia-kronologiaren arabera, azken egunak 1914⁠an hasi ziren eta ez dira oraindik amaitu.

 Betetzen al dute gaur egungo lurrikarek Bibliako profezia?

 Bai. Jesusen profezia, lurrikarei buruz esandakoa barne, gaur egun ikusten dugunarekin bat dator. 1.950 lurrikara handi baino gehiago egon dira 1914⁠tik aurrera eta bi milioi pertsona baino gehiago hil dira hauen ondorioz. a Ikus ditzagun mende honetako adibide batzuk.

 2004, Indiako ozeanoa. 9,1 magnitudeko lurrikara batek tsunami bat sortu zuen. Tsunamia dozena bat herrialdetara iritsi zen eta, ondorioz, 225.000 lagun inguru hil ziren.

 2008, Txina. 7,9 magnitudeko lurrikara batek herri asko suntsitu zituen. Lurrikararen ondorioz, 90.000 hildako eta 375.000 zauritu inguru egon ziren, eta milioika lagun etxerik gabe gelditu ziren.

 2010, Haiti. 7,0 magnitudeko lurrikara batek eta jarraian egon ziren beste hainbat lurrikara txikik 300.000 hildako inguru utzi zituzten eta milioi bat pertsona baino gehiago etxerik gabe gelditu ziren.

 2011, Japonia. 9,0 magnitudeko lurrikara batek eta honek sortutako tsunamiek 18.500 lagun hil zituzten eta milaka bertatik mugitu behar izan ziren. Fukushima zentral nuklearrak kalteak izan zituen eta, ondorioz, istripu nuklear handia gertatu zen. Hamar urte ondoren, zentral nuklearretik gertu bizi ziren 40.000 lagun inguruk ezin izan dute euren etxeetara itzuli, oraindik erradiazio-kutsadura maila handia dagoelako.

 Zer eragin du gugan lurrikarei buruzko biblia-profeziak?

 Lurrikarez hitz egiten duen biblia-profeziak etorkizun hurbilean gertatuko denari buruz ohartarazten gaitu. Jesusek honela esan zuen: «Gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza» (Lukas 21:31).

 Bibliaren arabera, Jainkoaren Erreinua zeruan dagoen egiazko gobernua da eta Jesu Kristo du Errege. Jesusek Erreinu honi buruz otoitz egiten irakatsi zien bere jarraitzaileei (Mateo 6:10).

 Jainkoaren Erreinua lurra agintzen hasten denean, Jainkoak ez du hondamendi naturalek, lurrikarak barne, jendea kaltetzen utziko (Isaias 32:18). Are gehiago, gaur egun lurrikarek eragindako kalte fisiko eta emozional guztia ezabatuko du (Isaias 65:17; Apokalipsia 21:3, 4). Honi buruz gehiago jakiteko, irakurri ¿Qué cosas logrará el Reino de Dios? edo Que fera le royaume de Dieu? artikulua.

a Global Significant Earthquake Database-ko datu hauek Estatu Batuetako Datu Geofisikoen Zentro Nazionaletik jaso dira.