Saltatu edukira

Adinekoei itxaropena eta kontsolamendua eskaintzen zaie

Adinekoei itxaropena eta kontsolamendua eskaintzen zaie

Australian, beste herrialde askotan bezala, adinekoen biztanleria hazten ari da. Adineko batzuk zaharren egoitzetan bizi dira. Bertan, langileek osasun eta eguneroko beharretan laguntzen diete.

Noski, zaharren egoitzetan bizi diren adineko askok laguntza fisikoa baino gehiago behar izaten dute. Batzuetan asperturik, bakarrik edota laguntzarik gabe sentitu daitezke. Jehobaren lekukoek itxaropena eta kontsolamendua eskaintzen dute Portlanden, Victoriako herri batean (Australian), dauden bi zaharren egoitzetan astero bisitak egiten dituztenean.

Zaharren egoitzetara egokitutako biblia-solasaldiak

Bertako Lekukoak adineko talde batekin biltzen dira eta Bibliako gaiei buruz hitz egiten dute, Jesusen bizitzaren gertakari aipagarriez, esaterako. Jasonek honakoa dio: «Bibliatik pasartea irakurtzen dugu adinekoekin eta ondoren irakurritakoari buruz hitz egiten dugu elkarrekin». Taldeko askok osasun arazo larriak dituztenez, Lekukoek itxaropena eta adorea ematen diete Jainkoak gaixotasunak eta heriotza nola kenduko dituen azaltzen duen promesari buruz ere hitz eginez.

«Ordu erdiko bisitak egiten hasi ginen, baina adinekoek bisita hauek luzatzea nahi zuten» dio Tony izeneko bertako Lekuko batek. «Horregatik, orain bisitak ordubetekoak izaten dira, nahiz eta adineko batek bi ordukoak nahi izan!». Adineko batzuk itsuak, ohetik mugitu ezinak edo objektuak hartzeko gai ez direnez, Lekukoek solasaldietan zehar laguntza ematen diete eta ahal duten gehien parte hartzera animatzen dituzte.

Bisitetan, Lekukoek eta adinekoek Jehobari gorespen kantak abesten dizkiote eta adinekoek askotan gehiago abestu nahi izaten dituzte. John  a izeneko adineko batek honakoa esan zuen: «Ekartzen dituzuen abestiak asko gustatzen zaizkigu. Jainkoa ulertu eta errespetatzen laguntzen digute». Judithek, itsua den adinekoak, bere abesti gustukoen letrak buruz ikasi ditu.

Lekukoak adineko bakoitzaren ongizateaz arduratzen dira. Brian izeneko bolondresak adinekoak ondo ez badaude, Lekukoek beraien logeletan bisitatzen dituztela dio. «Beraiekin hitz egin eta nola dauden ikusten dugu. Batzuetan, beste egun batean itzultzen gara gaixo dagoena zer moduz doan ikusteko».

«Jainkoak gugana ekarri zaituzte»

Zaharren egoitzetan dauden adineko askori izugarri gustatzen zaizkie bisitak. Solasaldietara astero joaten den Peterrek zera dio: «Joateko irrikan egoten naiz». Judithek langileei honakoa esaten die: «Asteazkena da! Presta nazazue biblia-ikasketa talderako. Ez dut berandu iritsi nahi!».

Adinekoei asko gustatzen zaie ikasten dutena eta Jainkoarengandik inoiz baino hurbilago sentitzen dira. Jesusen irakaspenetako bati buruz hitz egin ondoren, Robertek honakoa esan zuen: «Ez dut inoiz Bibliako pasarte hau ulertu. Orain berriz, ulertzen dut!». Davidek otoitz egitea zein garrantzitsua den ikasi du eta zera dio: «Jainkoarekin adiskidetasuna izaten eta niretzat benetakoa dela ikusten lagundu dit».

Bibliak etorkizunerako ematen duen itxaropenaz ikasteko gogotsu daude adinekoak. «Eskerrik asko Bibliak ematen duen kontsolamendua ekartzeagatik», esan zien Lekukoei Lynette izeneko adinekoak. Beste batek hau esan zuen: «Jainkoak gugana ekarri zaituzte!».Hainbeste gustatzen zaizkio bisitak Margareti, bertako bilera-aretoan egiten diren Jehobaren lekukoen bileretara joateko ohitura hartu duela

Hau egiteak ahalegin handia eskatzen du bere aldetik, dituen osasun eta mugikortasun arazoengatik. Honakoa esan zien Lekukoei: «Bizitzeko arrazoia eman diguzue gu guztiori».

Gauza zoragarria da egiten ari zaretena

Langileek ere eskertzen dituzte Lekukoen bisitak. Bertako Lekukoa den Anak hau dio: «Langileek adinekoak solasaldietara joatera animatzen dituzte, hauek ondoren zoriontsuago daudela konturatzen baitira». Lehen aipatu dugun Brianek honakoa esaten du: «Langileak atseginak dira eta laguntzeko prest daude. Beraien lana alde batera uzten dute laguntzearren».

Adinekoen familiak pozik daude beraien senideek solasaldietan asko gozatzen dutela ikustean. Adineko baten alabak Lekukoak goraipatu zituen hau esanez: «Gauza zoragarria da nire amaren alde egiten ari zaretena».

a Zaharren egoitzan bizi direnen izenak aldatu egin dira.