Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Ikasle baten dilema

Ikasle baten dilema

Jon egonezinik dago bere aulkian eserita, erabat urduri. Asko errespetatzen duen bere irakasleak oraintxe bukatu du Charles Darwini eta eboluzioaren teoriari buruz hitz egiten. Hauek ezaguera zientifikoari bultzada handia eman ziotela eta gizadia sineskeriatik askatu zutela azaldu du. Orain, ikasleei beraien iritzia emateko eskatzen die.

Jon dilema handi baten aurrean dago. Bere gurasoek Jainkoak lurra eta bertako bizi guztia sortu zuela irakatsi diote. Bibliako sorkuntzaren pasartea fidagarria dela eta eboluzioa frogetan oinarrituta ez dagoen teoria bat besterik ez dela diote. Jonen irakasleak eta bere gurasoek berarentzat onena nahi dute. Baina, nori sinetsi beharko lioke?

Urtero, egoera bera gertatzen da lurrean zehar milaka ikasgelatan. Zer egin beharko lukete Jonek eta bere egoera berdinean dauden ikasleek? Ez al duzu uste beraien kabuz erabaki beharko luketen gaia dela? Eboluzioaren eta sorkuntzaren aldeko frogak aztertu behar dituzte, eta gero, zein sinetsiko duten erabaki.

Izan ere, Bibliak besteek irakasten dutena itsu-itsuan ez sinesteko ohartarazten digu. Honakoa dio Bibliako idazle batek: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15). Bibliak «arrazoitzeko gaitasuna» erabiltzera animatzen gaitu, norberak besteek irakasten diotena zuzena dela ziurtatzeko (Erromatarrei 12:1, 2NWT).

Liburuxka honen asmoa ez da eskoletan sorkuntza irakastea nahi duten erlijio-taldeei laguntzea. Bere helburua bizia bat-batean agertu zela eta Bibliako sorkuntzaren pasartea kontu bat besterik ez dela esaten dutenen baieztapenak aztertzea da.

Arreta zelulan jarriko dugu, biziaren oinarrizko unitatea baita. Zelularen egiturari buruzko datu txundigarriak ikusiko dituzu. Gainera, eboluzioaren teoriak oinarritzat dituen usteak ere aztertuko dituzu.

Lehenago edo beranduago, denok egin behar diogu aurre honako galderari: Bizia sortua izan zen ala eboluzioaren ondorioz agertu zen? Seguruenik dagoeneko hausnartu duzu gai garrantzitsu honetan. Jende askok bizia sortua izan zela sinesteko dituen frogen artetik, liburuxka honek batzuk besterik ez ditu erakusten.