Saltatu edukira

BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU

Ez nintzen inora joaten pistolarik gabe

Ez nintzen inora joaten pistolarik gabe
  • JAIOTZE-URTEA: 1958

  • JATORRIZKO HERRIALDEA: ITALIA

  • HISTORIA: GAIZKILE-TALDE BATEN KIDE BIOLENTOA

NIRE IRAGANA

Erromako kanpoaldeko auzo behartsu batean jaio eta hazi nintzen. Nire bizitza oso gogorra zen. Ez nuen inoiz nire ama ezagutu eta nire aitarekin ez nuen harreman onik. Kaleko legea ikasiz hazi nintzen.

Hamar urte besterik ez nituenean lapurretan hasi nintzen. 12 urterekin etxetik alde egin nuen lehenengo aldiz. Behin baino gehiagotan aitak komisaldegitik ateratzen ninduen etxera eramateko. Liskarrean etengabe ibiltzen nintzen jendearekin eta izaera oso zakarra nuen. 14 urte nituenean etxetik alde egin nuen ez bueltatzeko. Drogak hartzen eta kalean bizitzen hasi nintzen. Lo egiteko tokirik ez nuenez, auto batean sartzen nintzen eta bertan gaua igarotzen nuen egunsentira arte. Gero iturri batera joaten nintzen garbitzera.

Lapurretan trebezia handia hartu nuen. Denetik egiten nuen, poltsak kalean lapurtzetik, gauez pisu eta txaletetan lapurtzeraino. Fama txarra izaten hasi nintzen eta laster gaizkile-talde ospetsu baten kide izatera gonbidatu ninduten. Honek mailaz igotzeko «aukera» eman zidan banketxeak lapurtuz. Nire izaera agresiboagatik gaizkile-taldeko kide errespetatua izatera iritsi nintzen. Ez nintzen inora joaten pistolarik gabe eta lo egiterakoan buruko azpian izaten nuen. Biolentzia, drogak, lapurreta, hizkera zikina eta moralgabekeria nire bizitzaren parte bihurtu ziren. Polizia atzetik izaten zuen beti. Urtetan zehar askotan atxilotuta eta espetxeratuta egon nintzen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

Espetxetik atera nintzen batean nire izeba bat bisitatzea erabaki nuen. Nik ez nekien, baina izeba eta bi lehengusu Jehobaren lekuko ziren orain. Beraien bilera batera joatera gonbidatu ninduten. Jakinminez beterik, beraiekin joatea erabaki nuen. Bilera-aretora iritsi ginenean, atearen ondoan eseri nahi izan nuen, nor sartu eta ateratzen zen kontrolatzeko. Noski, nire pistola gainean neraman.

Bilera horrek nire bizitza aldatu zuen. «Hau beste planeta bat da!» pentsatu nuela gogoratzen dut. Ongietorria eman zidatenek aurpegi irribarretsu eta atsegina zuten. Oraindik gogoratzen dut Lekukoen begirada zintzo eta jator hura. Ohituta nengoenarekin konparatuta, zeharo desberdina zen!

Lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzen. Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta argiago nuen nire bizimodua zeharo aldatu egin behar nuela. Esaera Zaharrak 13:20⁠ko aholkua jarraitu nuen: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen». Gaizkile-taldearengandik urrundu behar nuela konturatu nintzen. Ez zen erraza izan, baina Jehobaren laguntzarekin lortu nuen.

Lehenengo aldiz nire ekintzen kontrola izatea lortu nuen

Gainera, beste aldaketa batzuk egin nituen. Ahalegin handiz, erretzeari eta drogak hartzeari utzi nion. Nire ile luzea moztu nuen, belarritakoak kendu nituen eta hizkera itsusia erabiltzeari utzi nion. Lehenengo aldiz nire ekintzen kontrola izatea lortu nuen.

Ez zitzaidan irakurtzea eta ikastea gustatzen. Beraz, erronka handia izan zen Biblia aztertzean arreta jartzea. Hala ere, ahalegintzen nintzen heinean, pixkanaka-pixkanaka Jehoba maitatzera iritsi nintzen eta nire barnean zerbait aldatzen hasi zen. Nire kontzientzia min egiten hasi zitzaidan. Askotan sentimendu negatiboak nituen eta Jehobak gaizki egindako gauza guztiengatik barkatuko zidan zalantzan jartzen nuen. Momentu horietan Biblia irakurtzeak asko kontsolatzen ninduen, esaterako, Jehobak Dabid erregeari bekatu larriak egin ondoren nola barkatu zion irakurtzeak (2 Samuel 11:1-12:13).

Jendeari etxez etxe predikatzea izan zen beste erronka bat (Mateo 28:19, 20). Iraganean min edo kalte egin nion norbaitekin topo egin nezakeela pentsatzeak izugarri ikaratzen ninduen. Baina, poliki-poliki nire beldurra gainditu ahal izan nuen. Hain barkabera den gure Aitari buruz irakastean, benetako poza sentitzen hasi nintzen.

NIRE ONERAKO IZAN DA

Jehoba ezagutzeak bizitza salbatu zidan. Nire lehengo lagun gehienak hilda edo espetxean daude; nik, ordea, bizitza zoriontsu eta etorkizun paregabea dut. Apala eta esanekoa izaten ikasi dut, baita nire izaera biolentoa kontrolatzen ere. Ondorioz, ingurukoekin harreman hobeak ditut. Carmen izeneko emakume zoragarriarekin nago ezkonduta. Elkarrekin Bibliari buruz besteei irakasteaz gozatzen dugu.

A!, orain egiten dudan lana garbia da. Oraindik batzuetan banketxeetan egiten dut lan. Baina hauetan lapurtu beharrean, orain garbitu egiten ditut!