Saltatu edukira

Zer itxura zuen Jesusek?

Zer itxura zuen Jesusek?

Bibliaren erantzuna

 Inork ezin du zehazki jakin nolakoa zen Jesusen itxura fisikoa, Bibliak ez duelako azaltzen. Honek bere itxura fisikoa garrantzitsua ez dela erakusten du. Hala ere, Bibliak aipatzen dituen datuei esker Jesusen itxuraren ideia orokor bat izan dezakegu.

  •   Ezaugarriak: Jesus judutarra zen eta, ziurrenik, bere amarengandik semiten ohiko ezaugarriak jaso zituen (Hebrearrei 7:14). Segur aski ez zuen oso nabarmenak ziren ezaugarri fisikorik, behin, Galileatik Jerusalemera bidaiatu zuenean, inork ez zuelako ezagutu (Joan 7:10, 11). Badirudi Jesusen itxura fisikoa eta bere ikasleena ez zela oso desberdina. Gogoratu dezagun Judas Iskariotek berarekin zihoan talde armatuaren aurrean Jesus identifikatu behar izan zuela bera atxilotzera joan zirenean (Mateo 26:47-49).

  •   Ilea: Ziurrenik Jesusek ez zuen ile luzea izango, «gizasemearentzat lotsagarri dela ilea luze eramatea» azaltzen duelako Bibliak (1 Korintoarrei 11:14).

  •   Bizarra: Jesusek bizarra zuen. Juduen legeak bizarraren ertzak ez mozteko agintzen zuen eta Jesusek legea bete zuen (Lebitarrena 19:27; Galaziarrei 4:4). Gainera, Bibliako profezia batek Jesusen sufrimenduari buruz hitz egiten duenean, bere bizarra aipatzen du (Isaias 50:6).

  •   Gorputza: Ikusten denez, Jesus gizon indartsua zen. Predikatzean kilometro asko egin zituen oinez (Mateo 9:35). Jesusek, bi alditan, merkatariak tenplutik bota zituen eta, behin, lokarriz zartailu bat eginez animaliak ere tenplutik kanpora bota zituen (Lukas 19:45, 46; Joan 2:14, 15). Kontsulta liburu batek dio: «Ebanjelioen pasarteek agerian uzten dute Jesusek aparteko osasun fisikoa zuela» (McClintock eta Strong-en Cyclopedia, IV. liburukia, 884. orrialdea).

  •   Aurpegiko espresioak: Jesus maitekorra eta errukiorra zen. Dudarik gabe, ezaugarri hauek bere aurpegian ikusi ahal ziren (Mateo 11:28, 29). Mota guztietako jendea berarengana joaten zen kontsolamendu eta laguntza bila (Lukas 5:12, 13; 7:37, 38). Haurrak ere oso eroso sentitzen ziren bere ondoan (Mateo 19:13-15; Markos 9:35-37).

Jesusen itxurari buruzko ideia okerrak

 Ideia okerra: Batzuek Jesus arraza beltzekoa zela diote, Apokalipsia liburuak Jesusen ilea artilea bezalakoa eta bere oinak «kobre fina» bezalakoak zirela esaten duelako (Apokalipsia 1:14, 15, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga).

 Ideia zuzena: Apokalipsia liburua «seinale bidez» adierazten da (Apokalipsia 1:1NWT). Jesusen ilearen eta oinen deskribapena modu sinbolikoan erabiltzen da liburu honetan. Jesus berpiztua izan eta geroko ezaugarriez ari da eta ez lurrean egon zeneko itxura fisikoaz. Apokalipsia 1:14⁠ak Jesusi buruz hau dio: «Ilea zuria zen, artilea eta elurra bezalakoa». Hemen ilearen koloreari egiten zaio erreferentzia, eta ez testurari. Jesusek urte askotan lortutako jakinduria irudikatzen du ile zuriak (Apokalipsia 3:14). Bertset honek ez du Jesusen ilearen testura artilearen testurarekin konparatzen, ezta elurraren testurarekin ere.

 Ikuskari honetan Jesusen «oinak labean garbituriko brontze goriaren antzekoak» ziren eta bere «aurpegia eguzkia indarrik handienean bezain argitsu» (Apokalipsia 1:15, 16). Argi dago ikuskari hau sinbolikoa izan behar dela, ez dagoelako deskribapen hauekin bat datorren arrazarik. Bertset hauek berpiztu geroko Jesusi buruz ari dira «iritsezineko argitan bizi» baita (1 Timoteori 6:16).

 Ideia okerra: Jesus ahula zen.

 Ideia zuzena: Jesus indartsu eta ausarta zen. Adibidez, talde armatu handi bat Jesus atxilotzera joan zenean, Jesusek bilatzen ari zirena bera zela esan zuen ausardiaz (Joan 18:4-8). Gainera, Jesus indartsua izan behar zen, garai hartako arotz lanak eskuz egiten zirelako (Markos 6:3).

 Orduan, zergatik behar izan zuen Jesusek habea eramateko laguntza? Eta zergatik hil zen berarekin batera exekutatuak izan zirenak baino lehen? (Lukas 23:26; Joan 19:31-33). Exekutatua izan aurretik, Jesusen gorputza oso ahul zegoen. Gau hartan ez zuen lorik egin, neurri batean, zeukan sufrimendu emozionalarengatik (Lukas 22:42-44). Gauean judutarrek jipoitu egin zuten eta hurrengo goizean erromatarrek torturatu egin zuten (Mateo 26:67, 68; Joan 19:1-3). Baliteke hau guztia dela eta lehenago hil izana.

 Ideia okerra: Jesus beti zegoen triste eta goibel.

 Ideia zuzena: Jesusek «Jainko zoriontsua» den bere Aita Jehobaren ezaugarriak ezin hobeto imitatu zituen (1 Timoteori 1:11; Joan 14:9). Izan ere, Jesusek besteei nola izan zoriontsu irakatsi zien (Mateo 5:3-9; Lukas 11:28). Arrazoi hauengatik, Jesusen aurpegiko espresioek zoriontasuna erakusten zutela pentsatu dezakegu.